Mota: Kalea
Oharrak:
Auzo hau modu askotara izendatu izan da historian zehar: San Bartolomealdea, Beratzategi, Baratzategi, Baratzeta, Estazioaldea, etab. Izen horiek jatorri desberdina dute. San Bartolome edo San Bartolomealdea toponimoek ermitari zor diote izena. Beratzategi, Baratzategi eta Baratzeta toponimoen osagai nagusia baratza izena da eta horrek inguru hartan baratza asko zeudela adierazten digu. Estazioaldea leku-izenak, aldiz, inguru horretan dagoen Geltokiari egiten dio erreferentzia. San Bartolome kalea eta baseliza ere auzo horretan daude. Baseliza noiz eraiki zen ez badakigu ere, Goi Erdi Arokoa dela pentsarazten digute bere osagai arkitektonikoek. Ahozko tradizioaren arabera, hori litzateke Ordiziako jatorrizko parrokia. XII. mendetik aurrera dugu ermita honen berri. Donejakue bidea egiten ari ziren erromesen geltokia zen eta litekeena da Ordiziako biztanleak bertan biltzen hasi izana. Oraingo eraikuntza 1859koa da, zaharra 1813an erre baitzuten frantsesek. 1548koa da agirietan topatu dugun aipamenik zaharrena: “...y para todas las Yglesias de la juridición de Villafranca sendas libras de azeite para las lamparas y para Sant Barttholome de Villafranca.” (AGG-GAO, CO ECI 3457). Ondorengo testuinguruak San Bartolomen serorategi bat zegoela erakusten digu; serora, ermitaren eguneroko ardura zuen eta apaizari laguntzen zion emakumea izaten zen: “...conduzion de los maderos de Arginzolas para la casa seroral de San Bartholome...” (AGG-GAO, CO HM 11). San Bartolome Jesusen apostoluetako bat izan zen. Bere izena aramerako bar-Tôlmay izenetik dator eta “Tolmayren semea” edo “Ptolomeoren semea” esan nahi du. Zesareako Eusebiok bildutako tradizioaren arabera, Bartolome Indiara joan zen ebanjelioa predikatzera eta bertan arameraz idatzitako Mateoren Ebanjelioaren kopia bat utzi zuen. Tradizio armeniarraren arabera, Judas Tadeorekin batera herrialde hartan kristautasuna predikatu zuen. Hori dela eta, biak Armeniako Eliza Apostolikoko patroitzat hartzen dira.
URTEA | ERA | Testuingurua | ITURRIA |
1863 | Calle S. Bartolome | TJE | |
1930/1940 | San Bartolomé | Calle de San Bartolomé | AGG-GAO |
2005 | San Bartolome | San Bartolome kalea | KI |
Zure etxeari edo negozioari izena jarri behar diozu?
© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta